XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hiru, orain arte idatzi eta bereziki egindakoaz oharturik, nekosoa egiten zait ulertzea batzuren presentzia.

Edozelan ere onartu egin beharko da, bai batzuek eta bai besteek elkar-ulermenerako eta zubigintzarako Aita Agirretxe zoratzen jartzeko modukoa, benetan!, egiten ari diren ahalegin eskergaitza.

Aurreratu nadin esatera, berandu baino lehen, iniziatiba txalogarria iruditzen zaidala berez, are gehiago ondotxo dakidalarik nondik eta nola eman ziren sortzeko lehen urratsak, ondorengoak arrotzagoak suertatzen bazaizkit ere, segurutik galdurik daukadalako barruko dinamika.

Testu baten zentzu sakonera ailegatzeko idazlearen nortasuna ezagutzeak pentsa baino garrantzi gehiago duela uste izanarren, produzitutakora mugatuko naiz ondoko lerrootan, nahiz eta ezin dudan seinalatu gabe utzi, kazetaritzaren instrumentalizazioa hain modu sutsuan salatu ondoren, injustuki zapaldutako kideak kriminalizatu eta likidatzeko asmo zuzenez aurten bertan prentsa bere kasa konbokatu eta publikoki batere lotsarik gabe erabili duen bat baino gehiago badela sinatzaileen artean.

Ikusi bestela 1993-IX-9ko Hego Euskal Herriko prentsa.

Oso oker ez banago sortuz geroztik bi dokumentu nagusi eman ditu argitara Plataforma-k.

Bata Komunikabideetako askatasun eta aniztasunaren aldeko manifestua eta bestea Informazioa eta demokrazia Euskadin gaur.

Azken hau eta, abiapuntu harturik, bertako sei kidek egindako artikulu-komentario mamitsuak aldizkari honetan bertan aurkituko dituzue.

Halako plataformaren ibilbidean, kideak hain komentziturik agertzen direnean krisian eta bidegurutzean dagoela gure Euskal Herria, bi dokumentu soil ematea gutxitxo iruditzen zait niri, baina hori gusto edota egokiera-kontua baino ez da, azken finean kantitateaz baino kalitateaz neurtzen baita edozein ekimenaren balioa.

Harrigarriago egiten da informazio-komunikazio mailan hedabideek jasotako hainbat gertakari hitsen aurrean behin bakarrik ahotsa altxatu izana (...).